XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ezin dogu erreka handi bat batetik bestera igaro, zubirik egiten ez badogu.

Hau da, umeak darabilen euskera-modua sendotzen badogu, indartzen badogu eta aberasten badogu, beste erabilera batzutara heltzeko eta erabilera horreek bereganatzeko zubia eginda eukiko dogu, eta batetik bestera igaroteko ahaleginean, jausteko arrisku gitxiago eukiko dau umeorrek.

Lehen be esan dot baina, eskoleak laguntasuna umeari zubi hori eraikiten emon behar deutso.

Eredu bakarra, itxia eta estua -bere euskera-eredua ordezkatuko dauana- eskeini beharrean, egoera desbardinetarako erregistro eta eredu desbardinak ezagutu eragin beharko deutsoz, baina mailaz maila edo pausuz pausu joanez.

Ahozko bizkaiera kolokialetik - Ahozko bizkaiera jantzira, formalera.

Ahozko bizkaiera formaletik - Idatzizko bizkaiera formalera (Onartuz, halanda be, umeak emoten dituan lehen urratsetan, bizkaiera kolokiala, osotzen joateko).

Idatzizko bizkaiera formaletik - Euskera batura (ez dot bereizten ahozkoa eta idatzia, ez dagoalako erregistro kolokialik, ahozkorako eredu faltaz dagoalako).

Erabilera da, beraz, ardatza, abiapuntua, eta egingo diran gogoetak erabilera hobetzeari begira egingo dira.

Baina arazoa, didaktikan datza; hizkuntza-teoriari praktikan egingo jakon egokitzean; zelan egokitu didaktika hizkuntza-teoria horri; zelan lotzen eta gauzatzen dan ikuspegi teoriko bat praktikan.

Irakas-ikas prozesuak garatzeko, didaktikarako emoten jakuzan orientabide garrantzitsuenak aztertuko ditugu hizkuntzaren ikuspegitik.

Ikasketa esanguraduna eta bizkaiera

Aspekto hau ikutu dogun ezkero, zuzenean joango gara irakas-ikas prozesuaren nondik norakoak bideratzen dituan printzipio nagusira: ikasketa esanguraduna (aprendizaje significativo).

Modu esanguradunean ikastea, ikasgaiari zentzuna topatzea.

Ikasketak ez daitezala buruz, berbaz berba eta itsu-itsuan ikasi, zer esaten dan aitu barik, ezpada ze modu esanguradunean.

Hau holan izan daiten, baldintza batzutan egin beharko ditu ikasleak bere ikasketak, eta modu berezi baten eskeini beharko deutsaguz ikasgaiak.

Ez dot hemen konzeptu honen azalpen zabalik emongo, gehiegi ez luzatzeko, baina pisurik gehienekoa eta gogoan euki beharrekoa azalduko dot labur, ahaztu barik aitatu barik itxiko ditudan hainbeste aspektu, derrigorrezkoak egiten dirala modu esanguradunean ikasi dagien umeak eta modu esanguradunean irakatsi daigun nagusiok.

Aprendizaia bat esanguraduna izan daiten, ezagupenen aldez aurretiko eskema hartu behar da gogoan.